Gure berri izateko, jo webgune berrira

Taldearen Historia

Quiero leer esto en español.

1941eko urtarrilaren 20an, Oberena eratu zutenek egin zuten bileran, folkloreari eta peñari garrantzi handiagoa ematea hitzartu zuten. Pentecosteren Eskutitzak jarri zuen abian Oberena Dantza Taldea. Eskutitzean dantza lotua gaitzesten zuen, era berean gazteak dantza galdu zen lekuak hartzera gonbidatzen zituelarik. Hasiera batean gizonezkoek bakarrik osatzen zuten taldea, Iruñetik kanpo Monrealen estreinekoz dantzatu zirelarik. Iruñean lehenengo aldiz abenduaren 3an dantzatu zuten, Perkain pilotalekuan. Data hau garrantzitsu bihurtu zen dantzariontzat eta egun, Oberenako dantzarien eguna ospatzen dute Xabierren egunean. Urte amaieran, taldeari behar-beharrezko elementu bat falta zitzaiola konturatu ziren: emakumezkoak. Honela ba, emakumezkoak ere sartu ziren dantza taldean. Ilusioz beteriko garai haietan, Zozo dantza, Ezpatadantza, Eskudantza eta Larraindantza berreskuratu zituen taldeak, entseiatzeko Zapateria 40ko "zuloak" erabiltzen zituztelarik. Normalean igandetan dantzatzen zen, batzutan bestetan eta bertze batzuetan futbol taldeak egiten zituen bidaiak probestuz. Nafarroako herri aunitzetan dantzatu ziren eta Iruñean, Euskal Jai pilotalekuan (2004an erauntsia), "Mecan", Gayarren zein Perkain pilotalekuan dantzatu ohi zuten.
oberena dantza taldea historia


Taldea 100 bikotek baino gehiagok osatzen zuten, "Alaitasun Egunean" Iruñeko zezen plaza betetzen zutenek. 1946an atzerrira joan zen lehen aldiz dantza taldea, Zaragozara hain zuzen. 50eko hamarkadan Madrilgo ferietara joan ziren eta handik aitzin hasi ziren bidaiak.
1960ko Eguberrietan, Oberena dantza taldeak, Labriteko Jaialdia prestatu zuen, 1974. urtera arte iraun zuena. Iruñeko Orfeoia eta banda militarraren laguntzaz, geroago Santa Zezilia Orkestragatik ordezkatuko zena, Jesus Guridiren Eusko Irudiak, El Caserioko Preludioa eta Amayako ezpata dantza dantzatzen ziren.
oberena dantza taldea 1943

1965ean, Obanosko Misterioa estreineko aldiz bertako plazan antzeztu zen. Miguel Retaren koreografiak Oberenako 18 bikotek dantzatu zituzten gaur egun ere egiten den antzezlan honetan.
Arazo guztiak gaindituz, 70ko hamarkadan Irlandara abiatu zen Oberena dantza taldea. Bidai horrek taldearen baitako banaketa eta hausturak ere ekarri zituen, eta hurrengo bi hamarkadetan barne talkak eta gatazkak izan ziren nagusi. Lehenbiziko banaketa 1973. urtean izan zen, eta alde egin zuten kide horiek Ortzadar Euskal Folklore Elkartea sortu zuten. Beranduago, 80ko urteetan, taldekideen arteko ika-mikek bigarren haustura eragin zuten eta kide anitzek utzi zuten taldea. Haietako asko Burlatan sortu berri zen Larratz dantza taldera joan ziren. 
Taldearen baitako afera hauek goiti beheiti, taldeak dantzak ikasi zituen, errepertorioa handitu zuen, emanaldiak eta ikusgarriak eskaini zituen, bidaiak egin zituen (Mallorca, Frantzia…), euskal jantziak berreskuratu zituen eta, batez ere, tikien harrobia lantzen ibili zen, gerora taldearen ardura hartuko zutenak dantzan heziz. Lan hori eta berau egin zutenek mantendu zuten taldea eta horri esker 1980ko hamarkadan egonkortasuna berreskuratu zuten
90ko urteetan 50. urteurrena ospatu zuten. 1991. urtean hain zuzen ere, ehunka dantzari eta dantzari ohi bildu zituen Labrit frontoiko dantza jaialdiak. Hamarkada horretan sona handiko nazioarteko jaialdietan parte hartu zuen Oberena dantza taldeak, hala nola, Bulgarian, Kanadan, Alemanian, Austrian eta Suitzan, baita Espainiako hainbat herritan ere: Gijon, Murtzia, Sevilla, Ciudad Real… Horretaz gainera, Euskal herrian han eta hemen eskaini zituen emanaldiak, dantza berriak ikasteari utzi gabe. 
XXI. mendean sartzea aurreko hamarkadaren jarraipena baizik ez da izan: tikiekin lan bikaina egin da eta horri esker gaur egun ehun gaztetxotik goitik ikasi eta gozatu egiten du euskal folklorearekin; errepertorio zabala eta anitza, eta urtero dantza berri bat ikasten saiatzen da; hamaika emanaldi gure lurretan barna: Otsagabia, Leitza, Tiebas, Cintruenigo, Cortes… eta baita atzerrian ere: Frantzian, italian, Alemanian, Hungarian, Polonian, Espainian, Galizian eta Herrialde Katalanetan. Baina, batik bat, euskal folklorea berreskuratzen, mantentzen eta zabaltzen jarraitzeko gogo eta ilusio izugarria. Aunitz urtez.



Quiero leer esto en español.