Dantzari Egun Osoa
Egunak hodeitsu argitu badu ere, 11:30etarako eguzkia izan dugu Atarrabiako ortzian jaun eta jabe. Orduan hasi dira jatorrizko taldeak dantzan. Iadanik jendea gerturatua zen Udal enparantzara artisau azokari begiradatxo bat ematera, baina txistu doinuek jendea karpara gerturatu dute. Iribas, Izaba, Leitza eta Berako dantzek ederki alaitu dute dantza protagonista izan den eguna. Honen ondoan, bazkaria izan dute taldeek, eta batek baino gehiagok berriz jantzi behar izan du dantzarako trajea, izan ere, arratsaldean ekitaldi nagusia izan baita. Euskal Herriko probintzi ezberdinak ordezkatzeko 700 dantzari inguru bildu dira Indurain Anaiak polikiroldegian. Guziak elkarrekin Udal enparantzara abiatu dira 17:30ak pasatxo zirelarik eta bertan, tradizioari jarraiki, Agintariarena dantzatu dute Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroako taldeek. Udaletik kendu bazuten ere, gaur hamaika ikurrinek estali dute ortzia. Horren aitzinetik, ordea, aurreskua dantzatu zaie dantzariei.

